XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egunero izaten genituen bilerak.

Hutsik egin gabe denetara joaten nintzen; unibertsitateko giroa eta batez ere neure ikaskideak ezagutzearren.

Egunero bizardun mutil batek hitz egiten zuen.

Itxura harrigarrikoa, benetan.

Begi mehatxugarriak zeuzkan, masailezurrak irtenak eta ahoa okertua, haserre antzean.

Bibotea eta bizar beltza katramilaturik zeramatzan buruko txima nahastuekin.

Betaurreko beltzak.

Narruzko jaka (iduna gora jasoa), panazko galtza estuak eta bota punta zorrotz luzeak janzten zituen beti, belaunperainokoak, txorkatila aldean dibujo bitxi batzuekin.

Beltzak hauetxek ere.

Unibertsitateko iraganbideetan eskuak sakelan sarturik ibiltzen zen, galtzarpean karpeta beltz batekin.

Ariman burgeseriaren lutoa zeraman.

Biltzarretan suturik salatzen zuen gizartearen ustela, etorkizun berria eraikitzeko, zutik dauden egituren lehertarazi beharra aldarrikatuz.

Zalantzarik gabe, hizlari guztien artean bera zen onena.

Egiarik haundienak esaten zituena ere bai.

Geroago izan nuen gazte hura ezagutzeko astirik nahikoa.

Orain nire desio bakarra hauxe izango litzateke: harekin berriro elkartzea (infernuan bertan bada ere) haren gorputz-arimak neure mendekuz markatzeko.

Hau dena, ordea, urruti samar dago Manu Zata izena lehengo aldiz entzun nuen egun arrunta hartatik.

Bilera ondoren, Sabin aurkitu nuen Unibertsitateko patioan.

Kurtsoko hiru neskatxekin ari zen heleketan.

- Hi, Sabin, nor da bileran hain egoki mintzatu den beltzez jantzitako hori? Sabin larri samartu egin zen.

Neskatxen begietan irribarretxoa ikusi nuen.